XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KULTURA

ANDRES URRUTIA

Berrogeita bi urterekin euskaltzain oso izendatu berria, ezkondua, alaba biren aita, lanbidez notarioa eta zaletasunez euskararen maitalea, zuzenbidea irakasten du Deustuko Unibertsitatean, denbora banaketa itxuraz miragarria eginez.

ZUZENBIDE SISTEMA OSOA EUSKARAZ EMAN NAHI DUGU

Zure kurriculumak guztiz harriturik nauka.

Aipatuko al didazu nola banatzen duzun denbora batean eta bestean jardun ahal izateko?

Denbora bi arlo nagusitan banatzen dut: alde batetik hemengo lana dago notaritzan gaude eta gero irakaskuntzakoa.

Hemengoan zazpi-zortzi ordu egiten ditut, eta gero unibertsitateko lana bi-hiru ordukoa izaten da, egunaren arabera, Deustuko Zuzenbide Fakultatean.

Lau talde ditut hor, hiru euskaraz eta bat erdaraz.

Lan banaketa horretan ikerketak eta azterketak non sartzen dira?

Unibertsitateko lanaren barruan.

Guk hor burutu dugun lana euskara juridikoaren inguruan izan da.

Ikasleentzako eskuliburua egin dugu, hiru lehenengo kurtsoetan euskara juridiko hori mamitu izan dugunaz, Deustuan bertan, Zuzenbide Fakultatean, eta irakasgai jarri.

Eskuliburua orain urtebete atera zen.

Horko edukiak dira, hain zuzen ere, euskara juridikoa, euskara juridikoaren historia, itzulpen juridikoa, terminologia, legen hizkera, administrazioarena, auzitegietakoa; gero euskarazko testu juridikoen antologia bat ere agertzen da; eta bibliografia.

Une honetan badugu beste proiektu bat: Zuzenbide Zibil osoko eta Zuzenbide Administratibo osoko liburu batzuen itzulpena, hau da, Zuzenbide sistema osoa euskaraz eman nahi dugu.

Egin dugu diozunean, noren gainean ari zara?

Gotzon Lobera eta , kide dituen nire zuzendaritzapeko taldeaz.

Gotzon bera Zuzenbide lizentziatua da.

Bera eta biok aspaldi batu genituen gure indarrak.

Ni Euskaltzaindian izan nintzen Batzorde batean, Gotzonek eginda zuen lan hura errenta aitorpenaren formulario osoa euskaraz gainbegiratzen eta zuzentzen.

Beraz, niri txori maltzur batek esan didana ez da egia, hau da, hautatu bazaituzte hein handi batean Euskaltzaindian lege-teknikari bat behar izan dutelako izan dela?

Euskaltzaindian eta beste leku askotan ere behar da.

Nik uste, lege-aholkularitza baino azken urteotan egin den lana kontuan edo aintzat hartua izan da.

Egia da Euskaltzaindian egituratze-lanean jardun izan dudala, bai; horretaz aparte, beste lan batzuk egin izan ditut Euskaltzaindian, ostera, eta hor daude Euskera aldizkarian eta beste halako argitalpenetan.

Ikuspegi hori lotu egiten dela ofiziozko bestearekin?

Bai, jakina.

Ezinbestekoa da.

Berez ere euskarak behar du zu bezalako jendea, hain zuzen ere orain auzitan dagoen zuzenbide alorrekoa.

Mila aldiz errepikatu izan den kontua da.

Euskarak denok behar gaitu, ahalegin guztiak ongi etorriak dira.

Badirudi ahalegin horien barruan badirela batzuk antza denez puntualagoak direnak, adibidez, literatura, komunikabideen mundua, irakaskuntza, eta abar; hortik etor litezkeen ekarriak interesgarriak dira nik uste.

Kontua da une jakin batean bati lehentasuna ematen zaiola beste batzuen kaltetan, kalte hori kakotxen artean jarrita.

Hori beste batzuek erabaki izan dute, ezta?

Jakin dudanez, Bilboko notaritzan lanen %1,5 egin duzue euskaraz iaz.

Protokolo-agiritegi osoaren % 1,5 euskaraz egin genuen.

Hala esanda badirudi hori gauza txikia dela...

Baina hazkundeari begiratu beharko genioke.

Zenbatekoa izan da?

Polito haziz doa.

Eta batetik hazkundea garrantzitsua izanik, bestetik zer nolako dokumentuak egiten diren ere garrantzizkoa da, hau da, dokumentu anitzak, ezberdinak, gauza askotarakoak egiten badira, hori aberasgarria da.

Ez da gauza bera dokumentu bera hainbat aldiz errepikatzea, edo dokumentu ezberdinak egitea.

Gure helburua da formulario hori burutzea eta besteei erakustea; eta egunen batean, baldin eta horrelako teknikariak edo notarioak euskaldunak etortzen badira, edo orain jada hor ari badira eta dudaren bat badago, edo beharren bat, ba gure esperientzia baliagarri izan dakien nahi dugu.

Orain justizia administrazioaren inguruan euskara dela-eta sortu den auzira joz, batzuren ustez euskara ez da arlo horretarako gai; beraz, euskara bera litzateke oztopo nagusia.

Hor bi arlo ezberdindu behar ditugu: alde batetik euskara bera gai izatea ez da gakoa; garaturik izatea, estatusa ukatea baino.

Gakoa da: euskara horrek badauka sarrera edonon ala ez?

Gaur egun euskararen estatusaren aldetik aurrerakada handiak eman dira, oraindik orain falta dira gauza batzuk, ostera.

Falta dira, bai, ez letra handietan, egunerako letra txikerretan baino, eta batez ere batzuen aldetik eguneroko praktikan.

Korpusaren aldetik, hau da, justizia horren tresna izateko euskara bera gai izan dadin, aurrerapide handiak izan dira.

Hala eta guztiz ere, horretan bultzada handiak emateko moduan egongo ginateke oraindio.

Adibidez, oraintsu arte egin izan diren ahaleginak batu eta egituratu egin beharko genituzke.

Arlo batzutan, itzulpen ofizialetan kasu, hizkuntz ereduekin gertatu dena gerta ez dadin, hots, eredu bi egotea.

Bi, edo hamaika, euskaraz hamaika horrek duen esangura osoarekin.

Denon artean bakar baten aldeko ahaleginean ari gara, HAEE, EHU, Deustuko Unibertsitatea eta beste hainbaten artean.

Bizkaian abokatu euskaldunen borroka bat dago, eta horretan beste inon baino tradizio aberatsagoa izan da.

Tradizioa aspaldikoa da.

Euskaltzaindian bertan ere badago: Bonifazio de Etxegarai, Oleaga, Abel Muniategi, Jose Antonio Arana Martija...

Horrek badauka bere lotura abokatu gazteen munduan egun dabilen hainbat jenderekin.

Etena ez da egon.

Abokatuak eta euskaldunak, ba, Gernika, Durango,... horko jauntxo-klase ertainetako jendearen tartekoak ziren, eta notarioak ere egon dira euskaldunak.

Alfontso Irigoienen ordeko bizkaitarra ez den bat proposatu izan da.

Proportzionaltasunaren alde egingo duzu zure jardunean?

Nik bizkaieraren mundua barrutik ezagutzen dut.

Labayruren partaidea izan naiz, bertako argitalpenetan plazaratu ditut nire literatur-lan gehienak.

Horrez gainera, bizkaierari berea eman behar zaiola uste dut.

Orain, hortik aurrerago egin behar dugula?

Jakina.

Mikel Zarate zenaren lema hura, dakigunetik ez dakigunera, niretzat benetako dibisa izan da beti.

Ez dut ukatzen bizkaieraren zeregina maila batzuetan, baina batura jo behar dugu.

Gaurko errealitatea Bizkaian horrela dela uste dut.

Zein esparru berri beharko genuke Euskaltzaindian?

Irakaskuntzakoa alde batera utzita, komunikabideen mundua oinarrizkoa dela esango nuke.

Euskaltzaindiak euskararen esparru osoa hartu behar baldin badu kontuan, eguneroko lanean dihardutenak horiek dira gero!

Nire iritziz, kazetarien eguneroko zeregina guztiz pisuzkoa da hizkuntzaren barruan.

EDORTA JIMENEZ